Ba omen dago begi handi digital bat gu zelatatzen gaituena, non eta zertan ari garen badakiena, zer dugun atsegina jakinda guk erosi nahi izan aurretik eskaintzen diguna... Alegia, delako begi handi horrek dena dakiela gutaz. Digitalizazioa da.
Baina duela urtebete AEBetako zerbitzu sekretu orojakileek Kongresuko asaltoa igartzeko gaitasunik eduki ez zuten bezala, Brasilgoak ere ez dira gai izan asteburu honetan bolsonarozaleek erakunde nagusien egoitzetan egindakoak aurrez ikusteko. Asaltatzaileak ez baitira izan herrialdetik kanpo iritsi den armada bateko goi mailako militar bereziak; aitzitik, herritar arruntak izan dira, sakelako telefonoak erabiliko zituztenak asaltoa koordinatzeko.
Orain arte ezinezkoa zirudiena —herritar batzuek erakunde publiko bat asaltatzea ez daudelako ados hauteskundeen emaitzekin— joera bihurtu daiteke etorkizunean. Izan dira batean eta bestean antzeko okupazioak, baina askoz azalekoagoak izan dira.
Hala AEBetako Kapitoliokoak nola Brasiliakoak puntu bat baino gehiago dauzkate komunean. Bi kasuetan, politikaren ikuspegi populista bultzatzen duten buruzagiak daude: Donald Trump eta Jair Bolsonaro. Bietan, hauteskundeak galdu, eta emaitzak manipulatu diren susmoa zabaldu dute jarraitzaileen artean.
Joko arriskugarria.
HIZPIDEAK
Populismoaren uzta larria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu