Peru eta Lima, bi muturretan dauden errealitateak. Peru gogor astindu zuten joan den astelehenean izandako gertakariek, hemezortzi pertsona hil baitziren segurtasun indarren errepresioaren ondorioz. Haserrea zen nagusi atzo goizetik Peruko hamabi eskualdetan, abendutik 47 baitira dagoeneko hildakoak, eta giroak ez dauka baretzeko itxurarik.
Herrialdea mobilizatzen ari zen bitartean, Liman, hiriburuan, Dina Boluarteren gobernuko ministroak kongresura iritsi ziren, autobusetan, segurtasun indarrez inguraturik, konfiantza botoaren bidez euren legitimitatea berresteko asmoz, eta jarraitu zuten euren jardunarekin, gertatutakoak beste nonbaiteko kontuak balira bezala. Euren ardura onartu beharrean, Alberto Otalora lehen ministroak argi utzi zuen ez dutela atzera egingo: «Ez dugu utziko protestak Limara hel daitezen gobernua ahultzera».
Limako auzo aberatsena hamar kilometroko harresi batek inguratzen du.Han babesten da Peruko oligarkia, han bizi, inguratzen duen pobreziatik urrun, eta azken gertaera politikoak gorabehera, aspaldian herritarrek jasaten duten mespretxu, marjinazio eta arrazismo betekadaren ondorio dira manifestazioak. Keiko Fujimorik esandakoak —orain gutxi arte Boluarteren arerio zenak— argi islatzen du egoera: «Boluarte presidentea: arrakasta opa dizut. Ez da ideologien momentua».
HIZPIDEAK
Peru eta Lima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu