Mirandaolako Burdinolaren XVI. mendeko mailutzarraren hots lehorraren gogortasunarekin entzun da Naval ontziolarentzat lana egiten zuten 1.800 langileak lanpostua galdu eta kale gorrian geratzeko arrisku serioan daudela.
2007an hasitako krisitik irteten ari garela dioskuten ahotsek talka egiten dute Sestaoko ontziolaren inguruetatik datozen berriekin, eta errealitate gordinera itzularazten gaituzte. Antzeko efektua sortu zuten duela hilabete batzuk Fagor enpresatik etorritako albiste txarrek. Sinetsita geunden erori beharrekoak erorita zeudela, eta kinkaldiari eutsi zioten enpresek, bai txikiek eta bai handiek, gerrikoa ondo estututa, segituko zutela zabalik eta lanean; garairik txarrenak pasatuta zeudelako. Errealitatea egoskorra da, eta, kopuruen eta kalkuluen igarpenen baikorrak gorabehera, aurpegira botatzen dizkigu benetako tragediak.
Tragedia baita 1.800 pertsona kale gorrian geratzea, 1.800 tragedia, gai horien inguruan dihardugunok —izan politikari, kazetari, analista...— datu horiek nola erabiltzen ditugun berrikustera bultzatu beharko gintuzketen tragediak.
Arimarik gabeko kopuruak ikus ditzagun nahi duten lekuan, bizitza egitasmoak dauzkaten pertsonak ikusi behar ditugu.
HIZPIDEAK
Pertsonak dira, ez kopuruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu