Demagun Euskal Herriko elkarte ugarietako bat —feminista, ekologista, musulmana, ebanjelaria...— Donostiako Udalera joan dela bere jardueretarako bulego bat eskatzera. Demagun Donostiako Udalak baietz erantzun diola, baduela lokal bat, eta utzi egingo diola. Demagun denbora pasatu dela eta udalaren egoitza utzita jaso zuen elkarteak erregistrora joan eta bere izenean jartzeko eskatu duela. Zein izango zen erregistroaren erantzuna? Zein Donostiako Udalarena? Nola bukatuko zen afera auzitegian? Ez da oso bizkorra izan behar auziaren amaiera zein izango zen asmatzeko.
Eliza katolikoa tartean ez badago, noski. Izan ere, kasu horretan ezberdina da legea, ezberdina tratua eta ezberdina auziaren bukaera. Dozenaka kasu badaude ere, adibide zehatz batek hobeto ulertarazten du azaldutakoa. Elizak eta Donostiako Udalak itun bat sinatu zuten 1887an, eta, horren arabera, orube bat utzi zion erakunde publikoak Elizari, bertan Artzain Onaren katedrala eraikitzeko. Baldintza bat jarri zuen, ordea: udala zela jabea eta dena delakoagatik eliza itxiko balitz orubea eta eraikina udalari itzuliko litzaizkiokeela. Bada, duela bi hilabete, Jose Ignacio Munillaren izenean erregistratu du Elizak orubea, horretarako Espainiako Hipoteka Legeko artikulu bat baliatuta.
Feministak, ekologistak, musulmanak edo ebanjelariak balira, Poliziak egotziko lituzke okupak eraikinetik. Eliza katolikoa izanda, berriz, inork ez du ezer egiten, eta, gainera, ez du ondasun higiezinen gaineko zergarik ordaindu behar, legearen beste pribilegio bati esker. Batzuen paradisua lurrean dago.
Hizpideak
Paradisua, lurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu