inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Osakidetzako krisia, fokuetatik at

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzak ez du gustuko Osakidetzako Donostiako egituran sortutako krisiak hedabideetan eragin duen oihartzuna. Hori ondorioztatu daiteke, behintzat, gobernukideek egindako adierazpenetatik. Bingen Zupiria bozeramaileak esan zuen «mediku talde bati» ez diola hedabideen bidez erantzungo. Arantxa Tapiak, berriz, «hedabideetatik kanpo konpondu» behar dela gatazka.

Donostia ospitaleko arduradunen kargugabetzeek ekaitz mediatikoa eragin dute, eta fokupean jarri dute Jaurlaritzaren kudeaketa. Agintekeria, kudeaketa «diktatoriala», erabakiak goitik behera «inposatzea» egotzi diote osasun profesionalek Jaurlaritzari, besteak beste ardura postuetan direnek eta normalean, oso arrazoi sendorik ez badute behintzat, zarata eta kritika gutxi egin ohi dutenek.

Oro har, osasun zerbitzu publikoari behar den arreta eta baliabideak ez ematea egozten ari zaio Jaurlaritzari. Eta kritika horri, hedabideetatik edo hedabideetatik at, ez dio erantzun Jaurlaritzak gaur arte. Sagarduik, aste hasieran eginiko agerraldian, «kudeaketa aldaketa» huts gisa hartu zuen krisia. Hala bada, horren azalekoa bada, zergatik ematen dio halako azkura gobernuari gaia hedabideen fokuetara iritsi izanak? Hurrengo urtean hauteskundeak daudela izan daiteke arrazoi bat. Eta ez txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.