«Nire kontrako ikerketa bat da; halaxe hartzen dut». Berez, beraiek erietxeko zuzendaritzaren kontra jarritako gatazka protokoloa ospitalean gertatzen dena argitzeko ikerketa da, baina Manoel Martinez Debagoieneko ospitaleko mediku ohiak argi du Osakidetzako LEPetako irregulartasunak salatu zituztenen kontrako auzia dela. Horrela hartu du berak auzia, ikerketan egin dizkioten galderek hori pentsarazi diotelako. Haren lankide ohi Roberto Sanchezek ere hala bizi du: «Guri abisatzeko, gu isiltzeko eta gu banatzeko pentsatuta egon da ikerketa. Eta lortu dute». Mendeku halako bat sumatzen dute, eta ez gauzak konpondu nahia. Eta sentitu dute presioa eta kontrola eta ezina... lana uzteraino. Marta Macho da irregulartasunak salatu zituzten beste medikuetako bat. Ez du lana utzi, baina bat egiten du beste bien interpretazioarekin. Harago doa: «Osakidetzan gertatzen denarekin jendea kexatu ez dadin, adibide gisa jarri nahi gaituzte».
Hara nola hartu dituen Osakidetzak LEPen iruzur salaketak: ez umiltasunez, ez autokritikarako senez; mendeku gosez. Baina, gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa da kritikaz gain autokritika ere, eta gauzak hobetuz joateko etengabeko grina. Jendeak esateko duena entzutea, eta esandakoari buruz pentsatzea —nahiz ez beti arrazoia eman—. Erakunde publikoek eredu izan behar lukete horretan.
HIZPIDEAK
Nola hartzen diren gauzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu