Joan den hilak bi egun zituen. 2007tik etsaituta zeuden Palestinako alderdi nagusiek, Al-Fatahek eta Hamasek, batasuneko gobernua aurkeztu zuten Ramallahen. Sei hilabeteko epean Gazan eta Zisjordanian hauteskunde nazionalak antolatuko zituztela iragarri zuten gobernukideek. Israelek onartezintzat jo zuen Hamas inongo gobernutan egotea, eta halakorik ez aitortzeko eskatu zion nazioarteari.
Arabiar Liga, Gazaren kontrako erasoa geldiarazteko eta Israelen okupazio politika amaitzeko esku har dezala eskatzen nazioarteari. Hamasen kontra ari dela dioen gobernuari «genozidioa» egitea leporatu dio erakundeak.
Arabiar Ligako kidea da Egipto. Hamasen aurkako politikan, Rafaheko muga ixten eta tunelak txikitzen nabarmendu da. Israel eraso betean ari zela, Hosni Mubaraken garaian baino jarrera gogorragoa agertzea leporatu zion joan den astean Al-Sisi presidenteari Palestinako batasun gobernuaren eledun Isra Almodallalek, Gazatik.
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko —eta Al-Fataheko— burua, Kairon, Al-Sisirekin bilera egiteko. Israelen erasoa geldiarazteko helburua iragarri du. Israelen aliatu nagusien ordezkaria ere —AEBetako John Kerry— Kairon izango da gaur. Eta, nazioarteak neurririk hartzen ez duen bitartean, neurrigabe urruntzen da Palestinan konponbide hotsa.
HIZPIDEAK
Neurririk ez neurrigabeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu