enekoitz telleria sarriegi
Hizpideak

Neurrien neurriaz

2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Neurrien neurriaz aritzea tokatzen da orain neurrigabe. Gerta zitekeela jakinda hartutakoez, eta bazetorrela jakinda hartu gabekoez. Erantzukizunen neurriaz, filosofia baten eta errealitate gordinaren arteko neurriaz, diru publiko eta pribatuaren arteko neurriaz, herrialde oso baten irudi, ahots eta bozgorailu izan ote, behar edo zenaren neurriaz.

Bilakaeraren logikaz ari dira gerta zitekeela jakinda hartutako neurriez ari direnetako asko, eta bazetorrela jakinda hartu gabekoez ari direnek azalpenak eskatzen dizkiete duela zazpi hilabete lau urterako proiektu bideragarri bat aurkeztu zutenei. Filosofia baten eta errealitate gordinaren neurriaz ari direnek nahastu egiten dituzte neurriak. Harrobiaren lanketan, txirrindularien heziketan eta ateen irekitzean jartzen dute batzuek neurria. Kosta ahala kosta puntaren puntan, World Tourraren neurrian, puntuenean, fitxaketenean eta garaipenenean jartzen dute besteek neurria. Eta zenbakiz egiten dute neurketa: bederatzi milioi behar ziren aurten. Euskaltelek hiru t'erdi jarri izan ditu orain arte; zazpi jarri ditu oraingoan, ezin zuen horrela jarraitu, ez dute beste babeslerik topatu, eta taldea desegitea izan da hartu duten neurria. Eta beste neurri bat nahi duenak jar ditzala hamar milioi euro.

Kirol profesionalean erakundeen laguntza eskatzen dutenak neurriz ari direlakoan daude, eta diru publikoaz neurri sozialak hartu behar direnei neurrigabea iruditzen zaie hori. Herrialde baten irudia eta ahotsa jokoan dagoela diote batzuek eta erakundeek hori diruz lagundu behar luketela diotenean neurriz ari direlakoan daude, kiroletik ez ezik beste hainbat alorretatik lan berbera edo hobea egin litekeela diotenentzat neurrigabea da hori.

Neurrien neurriaz ari dira asko, baina ondorioen neurriaz, gutxi. 54 laguneko taldea delako kale gorrian geldituko dena bai, baina ehunka gazteren etorkizuna ilundu delako ere bai. Bai, behintzat, neurriko neurririk ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.