Beste bi lagunen bizia irentsi du N-121-A errepideko asfaltoak Nafarroan: bi gazte hil ziren larunbatean, 19 eta 21 urteko bi mutil, lau autok eta kamioi batek istripua izanda. Bi gazte, zerrenda beltz bati eransteko: hamar urtean 31 lagun hil dira errepide horretan. Ez da lista bakarra: ia 300 lagun zauritu dira hamar urtean. Errepide sareko leku arriskutsuenetako bat da.
Urteak dira inguruko udalak eta herritarrak soluzio eske ari direla. Egia da erakundeek neurri batzuk hartu dituztela errepidearen segurtasuna areagotzeko, baina bistakoa da ez direla aski. Kontuan izan behar da errepide horren rola: batetik, Nafarroa iparraldearen eta erdialdearen arteko lotura da, Iruñearen eta iparraldeko eskualdeen artekoa; bestetik, Iruñetik Irunerako igarobidea da, Europako joan-etorrietarako bidea, doakoa. Nafarroako Gobernuak berak aitortua du bi arazo dituela errepideak: zirkulazio handia —egunean 11.000 ibilgailu inguru—, eta kamioien presentzia handia —lau ibilgailutik bat—. Izatez, urtez urteko bilakaera proportzioan aztertuta, gero eta gehiago dira kamioiak.
Ezinbestekoa da, beraz, N-121-A errepidean neurriak jartzea. Batetik, bidean bertan aplikatu behar dira neurri batzuk —mahai gainean dago lerroak areagotzeko plan bat—; bestetik, errepide horren funtzioa zehaztu behar da —eskualde arteko bidea den, edo goragokoa—. Presazkoa da neurriak hartzea.
HIZPIDEAK
N-121-A: urgentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu