mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Mitoaren hasiera

2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Elkarren segidan lehiatu ziren gizonezkoen txirrindularitzako hiru harrapari handiak: Jacques Anquetil Krono Jauna, Eddy Merckx Kanibala eta Bernard Hinault Azkonarra. Baina Krono Jaunaren ibilbidearen bukaeran, Kanibalarenaren ibilbide osoan eta Azkonarrarenaren hasieran Oiartzualdeko harrapari handi bat ere aritu zen haien bide berberetan lehian, eta ez zen soberakinekin konformatu, preseski: 150 garaipen baino gehiago. Datu horrekin soilik, ia dena errana dago txirrindulari baten ibilbideari buruz.

Baina Kas taldeko kideei adituz gero, ondoriozta daiteke Txomin Perurena ez zela ez kanibala, ezta azkonarra ere; lehoia edo otsoa gehiago, ahalegintzen baitzen ehiza norberarentzat ez ezik talde osoarentzat ere bermatzen.

Txirrindulari profesional gisa egin zituen hamasei urteak euskal ziklismoarentzat urrezko aro bilakatzea baino handiagoa izan da Perurenak utzi duen arrastoa. Hura bizikleta gainean ikusi ezin izan zuten zaleentzat berdin-berdin izan da erreferente ezaguna, erretiroaren ondotik Euskal Herrian goi mailako ziklismoaren haria ez eteteko egin zuen lanarengatik. Perurena ikusten eta entzuten hazi dira belaunaldi bat baino gehiago.

Dolu eta tristura egunak dira txirrindularitzaren munduan. Euskal Herriko kirol arloko biografia apartenetako bat bukatu da. Mitoa, ordea, hasi baino ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.