Ez du asko iraun Fukushimaren istripuak energia nuklearraren sinesgarritasunari egindako kalteak. Agintarien artean, behintzat, herritar gutxik ahaztuko baitituzte tsunamiaren irudiak eta ondoren piztutako alerta nuklearra. Zorionez haientzat eta zoritxarrez besteontzat, gure inguruko agintariek memoria selektiboagoa daukate, eta nahiago dituzte behiez eta zelaiez inguratutako zentralak gogoratu. Fukushima? Hemen ez dago tsunamirik.
Egun ona izan zuten atzo energia nuklearraren aldekoek. Batetik, Espainiako CSNk ziurtatu zuen ez dagoela arazorik Garoñak irekita jarraitzeko. Eta Espainiako Gobernuak berriro galdetzen dionean, erantzungo dio (gutxienez) beste sei urtez «trabarik ez» dagoela Arabatik kilometro gutxira Fukushimaren modeloko erreaktore bat izateko. Bestetik, Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuek energia nuklearra garatzeko akordioa izenpetu zuten Parisen. Ondorioa izango da Ingalaterran eta Galesen beste zortzi erreaktore jarriko dituztela. Horretan Merkeli kasurik egingo baliote...
Hizpideak
Memoria selektiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu