Astebeteko epean Bilduko bi alkate komunikabideen aurrean azaldu dira, heriotz mehatxuak jaso dituztela jakinarazteko. Pablo Barrio Lasarte-Oriakoa izan zen mehatxu gutun baten berri ematen lehena, eta atzo Ana Karrere Andoaingoak beste horrenbeste egin zuen, bere kasuan mehatxuak jasotzen hasi zenetik bi hilabete igaro badira ere. Bi kasuetan arreta erakartzeko modukoa da salaketek izan duten oihartzun apala eta ekarri duten gaitzespen erreakzio urria, batez ere herri honetan gertatu diren gisa bereko beste mehatxu kasu batzuek sortu izan duten zalaparta mediatiko eta politikoarekin alderatzen badugu. Andoaindik atera gabe, bizkartzainak udaletxean armaturik sartzeko alkatearen debekuak ekarri zuen soka gogoratzea besterik ez dago.
Mehatxu horien atzean noren eskua dagoen irudikatzen zaila ez bada, haien elikagaia aurkitzeko ere ez da lan handia egin behar. «Alcaldesa pistolera tE.rrorisT.A.» zioen Karrereri igorritako panfletoetako batek. Herenegun, Gasteizko Zeledonen jaitsieran, Alberto Basagoiti EAEko PPko buruak agurra ukatu egin zion Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari, eta lekuz kanpoko aitzakia hau bota zion aurpegira: «Aurretik esaiezu zure nagusiei armak uzteko». Buruak berehala egiten du lotura, baina inork erantzun al dio Basagoitiri?
Mehatxuak ez dira amaitu, egia da, baina denon ardura da haiek guztiak, pentsamoldearen araberako bereizketarik egin gabe, desagerrarazteko lana egitea. Eta, horretarako, mehatxuak sustatzen dituzten jokaera guztiak, ez alde batekoak soilik, baztertu beharra dago.
Hizpideak
Mehatxuen elikagaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu