Biktima errudun. Jazarria jazarle. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak egin zuen itzulipurdi dialektikoa, atzo, Nafarroako Parlamentuan. Espainiako Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko 28 ikastetxetako 1.652 irakasle zelatatu ditu, eta lau irakasletik bat «etazalea» dela esan du (LABeko kideak izateagatik, esaterako). Iribasentzat, baina, biktima, jazarria, ez da D eredua, Nafarroako Gobernua baizik, Guardia Zibilaren ikerketari eta ikerketaren erabilerari buruzko azalpenak eskatu dizkiotelako.
Guardia Zibilaren ikerketa ez duela gobernuak eskatu esan zuen Iribasek. Berdin dio. Ikerketa eta ikerketaren emaitzak babestu zituen atzo: «Poliziak ikertzeari ekin badio, arrazoiren bat egongo da». Gainera, ikerketa garbiketa ideologikoa egiteko baliatu nahi du, Zigor Kodea aldatu eta «terroristek eskolarik eman ahal ez izateko».
Makiavelok duela 500 urte idatzi zuen Printzea. Italiarra Nafarroan bizi balitz, pozik legoke, zenbat jarraitzaile dituen ikusita. Jarraitzaile kaskarrak, baina boteretsuak.
Hizpideak
Makiavelo Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu