Katalan hizkuntzaren aldeko mugimenduen kritikarekin eta PSC, ERC, Junts eta Comukoak alderdien babesarekin onartu zuen parlament-ak, aurtengo ekainean, ikastetxeetan katalanaren lehentasunezko erabilera bermatzen zuen legea. Lege horren helburua argia zen, nola edo hala indargabetzea Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpen kezkagarri bat.
Magistratuen erabakiak birrindu egin zuen Katalunian hamarkadetan egon den itun ez idatzia: eskoletan dena katalanez egiten da. Erabakiak, praktikan, debekatu egin zuen katalanaren murgiltze sistema, eskolen %25 gaztelaniaz ematera behartu baitzituen ikastetxeak; baita inongo gurasok eskatu ez zuten ikastetxeetan ere. Denetan zen bete beharrekoa.
Ekainean onartutako legeak indarrik gabe utzi du magistratuen ebazpen murriztailea, magistratuek beraiek onartu dutenez. Baina, amore emateko batere asmorik ez daukatela erakutsiz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman dute Auzitegi Nagusiko magistratuek parlament-aren lege berria.
Hastear den kurtsoan, beraz, magistratuen ebazpenaren aurreko hizkuntza egoerara itzuliko dira ikastetxeak, eta katalana izango da eskola hizkuntza erabatekoa.
Horrela segituko dute, Auzitegi Konstituzionalak azken iritzia eman arte.
HIZPIDEAK
Magistratuek ezarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu