Hizpideak
Madrilgo harroxkoa
Eskola bateko erdipurdiko harroxko baten modura ari da jokatzen Espainiako Gobernua. Goiko mailakoek egiten dizkioten umiliazioak beheko mailakoei ordainarazten. Adin nagusikoei, Europari etamerkatuei, aurre egiterik ez duenez —«ez dugu sakrifizioei ezetz esateko askatasunik», onartu du Raxoik—, behekoekin harrotzen ari da; autonomia erkidegoekin, alegia. Espainiak Europako Batasunarekin duen menpekotasun bera dute erkidego gehienek Madrilgo gobernu zentralarekiko, merkatuetan lortzerik ez duten diruaz hornitzen baitie. Eta abantaila horretaz baliaturik, Europak harekin erakutsi duen malgutasuna ukatzen die. Logikoa zirudien aurten Bruselak %6,3ko defizita ahalbidetu badio —aurretik %5,3ko muga zuen— eskuzabal jokatuko zuela erkidegoekin, eta haiei jarritako muga —%1,5— igoko zuela. Bada, ez. Europarrek berarekin erakusten duten mesfidantza bera erakutsi du berak erkidegoekiko, eta soka lasaitu beharrean, estutu egin die. Eta kasu honetan ezin du ezezagutza argudiatu; ongi daki zertan dabilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu