Brasilek daukan hauteskunde egutegiagatik, ahaztuta geunden urri bukaeran egindako hauteskundeen bigarren itzuliaren irabazleak, Luiz Inacio da Silvak, lehendakari kargua hartu gabe zeukala. Asteburuon hartu du, bere herrialdeko justiziaren adar ultrakontserbadoreak politikatik botatzeko saioak huts egin ondoren.
Oso bide judizial malkartsua iragan behar izan zuen Lulak, zeinak 2002ko eta 2006ko hauteskundeak ere irabazi zituen. Ustelkeria pasiboagatik zigortu ostean —580 egunez egon zen espetxean—, askok pentsatu zuten ez zela itzuliko lehia politikora. Azkenean, Brasilgo justiziak indargabetu egin zituen Lularen aurkako akusazioak: berandu, zigorra beteta zeukan.
Lularekin estatu kolpe judiziala esaten zaiona egin zuten, estatu kolpe militarren aldaki leuna eta inpartziala; herritarrek aukeratutako agintaria gobernutik indarrez kentzeak oso babes txikia lortuko zukeelako nazioartean garai hauetan.
Presidente izan zen bi legealdietan egindako politika bera bultzatzen saiatuko da Lula, desberdintasun ikaragarriak eta pobrezia tasa handiak dauzkan herrialde bat gobernatu beharko baitu. Inguruan aukeratu berri dituzten beste presidenteek bezala —Gabriel Boric Txilen eta Gustavo Petro Kolonbian—, berritu egingo du agenda politikoa: generoa, klima, munduko ordena justua...
HIZPIDEAK
Lularen hirugarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu