Gizonezko futbol talde garrantzitsu batzuetan jazoten den legez —menpekotasun handia edukitzen dute jokalari batekin—, Brasilgo aurrerazaleek eta ezkerrak arazo larria daukate Lula da Silva izango ez den buruzagi irabazlea sortu eta lantzeko. Indartsu dira sektore horiek Lularekin, ahulak Lula gabe.
Hirugarrenez irabazi zituen atzo Lulak hauteskundeak —estu irabazi ere: Lulak botoen %50,9 eta Jair Bolsonarok %49,1—, arerio askori aurre egin eta gero. Ez baitzizkion bakarrik irabazi hauteskundeak Bolsonaro eskuineko hautagaiari, azken urteotan berriro politikara itzul ez zedin estatu kolpe judiziala jo zuten magistratuei ere irabazi zizkien. Interes handia zuten Brasilgo sektore indartsuek Lula historiaren zakarrontzira botatzeko, 2003tik 2010era lehendakaritzan igaro zituen bi legegintzaldietan egin zituen politikek eragotzi egin zietelako herrialdean ordura arte bezala nahi zutena egitea.
Lularen alderdikide Dilma Rousseffek ordezkatu zuen 2011n herrialdearen lehendakaritzan. Hiru legegintzaldi horietan egindako lanarekin segitzea edukiko du helburu nagusi Lulak: horren handia den Brasilen batzuen eta besteen artean dauden aldeak murriztea.
Lularen zorionerako, helburu bertsuak dauzkaten lehendakariak aukeratu berri dituzte Hego Amerikako hainbat estatutan: Txilen, Kolonbian...
HIZPIDEAK
Lularen hirugarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu