Espainiako alderdi sozialistaren (PSOE) Ferraz kaleko egoitza nagusiaren aurrean eskuin muturra egunotan egiten ari den oldarraldiaren atzean aurrekari historiko nabarmenak daudela ikus daiteke: 1936ko altxamendu frankistaren oinordeko politikoen larderia ez da txantxetan hartzekoa, inondik ere, eta euren gorrotoa ez da mugatzen Kataluniako eta Euskal Herriko indar subiranistetara. Diktadura frankistan bazterrekoak eta zapalduak izan diren gizarte taldeak ere badaude euren hitzen eta ekintzen jomugan.
Egunotan Ferrazen aurrean entzun diren lelo ohikoenak izan dira Montero puta bat da,Marlaska marikoia eta Ez da egoitza bat, putetxe bat da. Eskuin muturrak erro sakoneko ezinikusia du historian azpiratuta izan diren sektoreekin, lan handia eginda ere, traba izugarriak dituztenekin gizartearen erdigunera iristeko. Erreparazio historikoa merezi dutenekin: emakumeak, LGTBI mugimenduko kideak, hegoalde globaleko migratzaileak...
Hori da Ferrazen elkartzen ari direnek nahi duten gizartea, sektore horietako kideak bazterrera kondenatzen dituena. Madrilen horretan ibili direnei gorroto delitua leporatzeko zeren zain daude poliziak eta epaileak? Beste lelo batzuk beste toki batzuetan eta beste nazio testuinguruetan gertatuz gero, beste kuku batek joko lieke oihu-egileei.
HIZPIDEAK
Leloei gorrotoa darienean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu