Urte erdi eta urtebete arteko kartzela zigor eskaerarekin, baina espetxera sartu beharraren arriskua saihestuz amaitu da Leioako bostak esan dioten auzi ezaguna. Zazpi urte iraun duen bidegabekeria bati atzo jarri zioten amaiera puntua; epaiketan fiskalak zigor eskaerak nabarmen jaitsi zituen, eta bost ikasle ohien defentsak onartu egin zuten desordena publikoen delitua, «nahiz eta akusazio batzuk oso eztabaidagarriak izan».
Ez da lehen aldia fiskalaren neurrigabeko eskaerak epaiketan murrizten direna, eta akusatuek, preso joatea saihesten duten neurrian, arnasa hartzen dutena. Izan ere, kasu honetan bi gaztek hamazazpina urteko zigor eskaera zuten, eta bosten artean, guztira, ia 40 urteko kartzela zigorraren arriskua. Arnasa hartzeko modukoa izan daiteke, beraz, fiskalak zigor eskaera jaitsi izana; baina nola neurtu zazpi urteotan halako zigor eskaera batek eragindako zama?
Hain zuzen ere, «ikasle antolatuen aurkako errepresioa» salatzeko protesta egin zuten 2016ko apirilean EHUren Leioako campusean. Hainbat ikasle errektoretzara sartu ziren, eta ertzainekin eta zaindariekin izaniko istiluetan atxilotu zituzten Leioako bostak. Gerora etorri ziren fiskalaren zigor eskaerak: neurrigabeak, gertakariei erreparatuz gero; eta bidegabeak, beraz, bai neurriagatik, baina baita auzia hainbeste luzatzeak eragindakoagatik ere.
HIZPIDEAK
'Leioako bostak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu