Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Lehen eguna

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Urduritasuna izango dute gaur Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako etxe ugaritan: eskolara itzultzeko eguna dute ikasleek. Haiek soilik ez: Hegoaldeko irakasleak ere gaur hasiko dira lantokian. Eta haiek ere aurrekoetan ez bezalako ezinegonez helduko diote ikasturteari. Antolaketarako egunak dituzte hauek, erlojuaren kontrakoak: egun gutxiren buruan iritsiko dira ikasleak, eta ordurako ondu behar dute ikasturterako funtzionamendua. Erabat berria izango da antolaketa, eta arian-arian moldatu beharko dute.

Ziurtasunik gabeko egoera da, eta azken orduan ari dira zehaztasunak ematen. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, ostiralean jakinarazi zuen ikasmaila batzuetan geroago hasiko direla eskolan, eta iragarri zuen beste mila irakasle hartuko dituela ratioak jaisteko. Nafarroako Gobernuak 666 irakasle ditu iragarriak. Zehazteko dago, ordea, noiz iritsiko diren, eta zer baldintzatan. Ez da seinale ona sindikatuek aho batez egoera salatu izana. Protestara jotzeko asmoa dute.

Ezohiko egoera betean, erronka handiak ditu eskolak: hilabeteetan etendako martxa berreskuratzea, baliabiderik gabe egon diren ikasleak atzean ez uztea, euskararekin harremanik izan ez dutenak gurdira igotzea... Maskarapean eta beldur artean ekin beharko diote erronkari, eta baliteke eskolako jarduna eten beharra: emozioak kudeatzea funtsezkoa izango da. Eskolatik kanpo ere bada erronka: eskolei zabalik eusteko, gakoa da segurtasun neurriak betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.