Amagoia Gurrutxaga Uranga.
HIZPIDEAK

Langile izateko lanak

2015eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Historia ezaguna da: zortzi orduko lanaldia eskatuz 1886ko maiatzaren 1ean grebari ekin zioten langile estatubatuarrei zor zaie Langileen Nazioarteko Eguna. Duela 126 urteko maiatzaren 3an, Chicagoko Poliziak grebalariei tiro egin zien abisurik eman gabe. Garaiko prentsaren arabera, sei langile hil eta dozenaka zauritu zituzten. Biharamunean, Chicagoko Haymarket plazan protesta egin zuten milaka beharginek. Polizia berehala hasi zen jendetza estutzen. Lehergailu bat zartarazi zuen norbaitek, eta uniformedun bat hil. Tiroka erantzun zuen Poliziak. Istilu larriak gertatu ziren segidan: zortzi agente hil ziren, eta zehazteke utzi zuten zenbat zibil. Ehunka langile atxilotu eta torturatu zituzten hurrengo egunetan, 31 auzipetu Haymarketeko leherketagatik. Azkenean, zortzi akusatuk ordaindu zuten zortzi orduko lanaldia eskatu izana. Anarkismoaren kriminalizazio kanpaina betean, urkamendian hiltzera kondenatu zituzten haietako bost, prentsak hauspotutako epaiketa-fartsa egin ondoren.

1889tik, eta Chicagoko urkatuak gogoan, maiatzaren 1a Langileen Nazioarteko Eguna da munduko bazter askotan. Ameriketako Estatu Batuetan ez. Euskal Herrian bai. Langile antolaketa eta borroka beharra aldarrikatu dituzte sindikatuek, gero eta urrituago dauden eskubideak berreskuratzeko. Lanak ditu jendeak langile izateko eta sentitzeko, agerikoa da. 126 urteren buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.