Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Lagunekin bai

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Besterentzat egindako moldean norbera sartzea ez da erraza izaten. Mingarria gerta daiteke; eta gorputza gehiegi behartzea ez da ona. Eta ekintzaileen moldea ere gizonezkoen formara eginda dago. Norbere bakartasunean, forma horietara moldatu ezinda, ertzak bihurrituta eta guztiz ezeroso lanean ari ziren emakumeek elkartzea erabaki zuten. Argi baitago, Baloreak proiektuko kantuak dioen bezala, «batera indartsuago gara». Baina, zertarako elkartu? Elkarri molde horretara egokitzen laguntzeko, edo moldea bera aldatzeko? Moldea bera aldatu ezean, beti sentituko dira emakumezkoak ezeroso. Eredua da aldatu beharrekoa. Hain justu, horixe eskatu dute, besteak beste, EmakumeEkin taldeko kideek: «egiturazko desberdintasunak» desagertzeko neurriak hartzea. Bien bitartean, eta, moldea aldatzearekin batera, han moldatu behar dutenek elkarri laguntzeko eta elkar babesteko sarea osatu dute. Ekintzailetza nahiko bide bakartia da berez, baina bertsotarako ez ezik, ekintzailetzarako, enpresa lanerako, eta oro har bizitzarako ere balio du Saioa Alkaizak gaur zortzi Txapelketa Nagusiko Durangoko saioko azken agurrean abestutakoak: «Bakarrik ezin leike, ta lagunekin bai». Elkar zaindu eta babestuko dute, nahiz eta nork bere urratsak egin beharko dituen. Hala segituko dute, Jone Uriak Irungo saioko agurrean esan bezala, «iruten eta irauten». Aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.