Duela bortz urte baino gehiago, Turkiako armadak Afrin barrutia inbaditu zuen, Siriako mugaren bertzaldean. Kurduen lurraldea zen Afrin, eta, 2012az geroztik, Siriako gerraren eraginez, de facto burujabetza osoa lortua zuen. Bada, Turkiak hiru hilabetean konkistatu zuen, mundu guziaren begi bistan, eta helburua zein zen gorde gabe: inbasioa hasi aitzinetik, Afringo biztanleen %85 baino gehiago ziren kurduak; gaur egun, ez dira %30era ailegatzen. Horrek izen bat du nazioarteko zuzenbidean.
Orain, Afrindik 1.400 kilometro ipar-ekialdera, bertze etnia baten de facto-ko lurralde independente bat inbasio baten azpian gelditzekoa da: Azerbaijanek Artsakheko Errepublika garaitu berri du, eta estatu hori desegin eta bere lurraldean integratuko du. Mundu guziaren begi bistan gertatu da hori ere. 120.000 biztanle ditu Artsakheko Errepublikak, ia denak armeniarrak. Denbora bat pasatuta kontatu beharko da horietako zenbatek segitzen duten han. Ezaguna da kurduen erran bat, dioena herri horrek mendiak bertze lagunik ez duela. Igualtsu gelditu dira armeniarrak. Izan ere, lagunak izatea inportantea da; horrek ematen du indarra, eta indarra da, azken buruan, nazioarteko jokalekuak gehien errespetatzen duen balioa. Azerbaijanek bere helburua lortzeko baliatu duena, hain zuzen: lagunak eta indarra.
HIZPIDEAK
Lagunak eta indarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu