mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kontraesanak

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
G7a esaten zioten taldeari, baina ez ziren Mendebaldeko estatuak, baizik eta Espainiako eraikuntza enpresak. Nagusienak. Uztailaren 5ean jarri zien zigorra Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak, milaka eta milaka lehiaketa publikotan iruzur egiteagatik. Ia oharkabean pasatu dira albiste horri lotutako alderdi batzuk. Esaterako, Lehiaren Batzordeak haien aurkako ikerketa hasi baino hamar egun lehenago desegin zutela koordinazio taldea; 25 urtez iruzur egiten aritu eta gero, bat-batean enpresei kezka sartu zitzaien legezkoa ote zen egiten zutena —horrela utzi zuten erregistratuta telefonoko dei eta mezuetan, inork irakurri edo entzun zitzan—. Bistan da norbaitek abisatu zituela, desegitea erabaki eta handik bi astera miatu zizkieten eta egoitzak.

Baina hori baino garrantzitsuagoa, eta argitu ez dena: zergatik egiten ote zuten. Enpresa horiek berak zigortu izan dituzte lehiaketa publikoak haien artean partitzeagatik. Ondorioa argia da: enpresa batek baldin badaki lehiaketa publiko hori halakok irabaziko duela, zertarako nekatu eta diruak gastatu lehiaketa horretarako txostenak egiten? Bada, lehiaketa horiek eskaintza ezberdinak behar dituztelako, bestela ez dute baliorik. Hartara, seguru asko, inori okurrituko zitzaion ez zela ideia txarra izango debaldeko gastu horiek partekatzea.

Baina barregarriena, hau: merkatu librearen eta neoliberalismoaren aitek ez dakitela funtzionatzen elkarlanik gabe. Aberatsen arteko elkarlana, bistan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.