Munduak bizi duen ekologia krisiaren ardatz nagusietako bat da bioaniztasunaren galera. Hainbat adituk dioenez, klima krisiaren pareko garrantzia dauka, eta aipagarria da datu hau: munduak daukan bioaniztasunaren %80 indigenen lurraldean dago, nahiz eta planeta honetako biztanleen %5 bakarrik diren indigenak. Beraz, jatorrizko herri horien iraupena funtsezkoa da biodibertsitatearentzat.
Klima krisiaren garrantzia bistakoa da, eta, izatez, bioaniztasunaren krisiarekin lotuta dago neurri handi batean. Ardatz bati egiten zaion kalteak desorekak eta desmasiak eragiten ditu beste ardatzean. Ezin zaio klima krisiari egoki erantzun bioaniztasunaren kaltean.
Horregatik, kezka eragiten du trantsizio energetikoa egiteko kapitalismoak hautatu duen moduak. Horren adierazgarri dira samien eta maputxeen lurraldeetan Statkraft enpresa publiko norvegiarrak martxan dituen hainbat proiektu. Horietako bat —Fosen penintsulako parte eolikoa— legez kanpokotzat jo berri du Norvegiako Auzitegi Gorenak, samien elur oreinen artzaintza bideraezin bihurtu duelako munduko lurgaineko parke eolikorik handienetako baten aldamenean. Estraktibismoak eta erregai fosilen ustiaketak kalte latzak egin ditu munduko naturagune askotan, Amazonian kasurako. Trantsizioak ezin du eredu bera erabili, zinez berdea eta ekologikoa izango bada.
HIZPIDEAK
Kolonialismo 'berdea'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu