mikel p ansa
HIZPIDEAK

Keinuen balioa

2016ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Keinua inprobisatua izan dela, hala esan dute, baina badu bere garrantzia, keinu txikietan esanahi handiak baitaude askotan: Irungo alkateak ez, baina Gipuzkoako Diputazioaren jarduneko ahaldun nagusi Denis Itxasok eman dio hiriaren bandera alarde mistoari. Jose Antonio Santano Irungo alkateak urteak daramatza alarde parekideari ateak ixten, eta alardearen egunean muzin egiten. Atzo ere irundar batzuek gogoan zuten: «Zu ez zara Irungo alkatea. Non dago Santano?», esan zioten Itxasori, baina egin zuen keinuaren balioari eutsi zion jarduneko ahaldun nagusiak.

Duela bost urte, Martin Garitano orduko ahaldun nagusiak Hondarribiko eta Irungo alarde parekideak babestera jo zuen bi herrietara. Keinu garrantzitsua izan zen, ordura arte Arartekoa eta Emakunde baitzituzten babes instituzional bakar; lehen aldiz, diputazioak babestu zituen. Iaz, gobernu aldaketarekin, eten egin zen bide hori. Markel Olano ahaldun nagusiak keinua desagerrarazi zuen, bera alardeetara joateak giroa kaskartzeko soilik balioko lukeela argudiatuta.

Urteetan, EAJri eta PSEri eragile eta norbanako askok eskatu diete Hondarribiko eta Irungo beren alkateei presioa egiteko, parekidetasunaren alde ari diren emakumeak bakarrik ez uzteko. Pribatuan ezin neurtu, baina, publikoan behintzat, eman du pauso bat Itxasok, eta are nabarmenago utzi du Santano alderdikidearen jokabidea. Keinu bat besterik ez da, beharbada, baina keinu guztiak beharko dira berdintasuna trabatzen dutenak bakarrik gelditzen ari direla kontura daitezen. Orain, galdera da ea irailaren 8an ere Olanok Itxasori utziko dion jarduneko kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.