HIZPIDEAK

Kalean

jon ordonez garmendia
@jonordoez
2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Plastiko beltzak gerriraino soilik altxatu zituzten atzo Hondarribian alarde baztertzailearen aldekoek. Eta horrek atzean dagoena utzi zuen agerian, are gehiago: emakume asko ikusle —ezin baitute alarde tradizionalean atera—, gazteak eta nagusiak, aurpegi serioak, zabor poltsak soinez soin, keinu itsusiren bat edo beste, eta esku artean zituzten leloen artean bat, oso kezkagarria: Ez beti da ez.

Hogeigarren aldiz atera da kalera Jaizkibel konpainia alardean, eta, plastikoak gorabehera, mezu horrek agerian uzten du alarde baztertzailearen aldekoen makurkeria. Emakumeen kontrako sexu erasoen aurka erabiltzen den lelo bat alardean emakumeei erasotzeko erabiltzea —hitzezko eraso bat baita— zitala da. Batetik, emakumeen eskubideen aldeko zerbait kontra bihurtzen duelako. Eta, bestetik, jaietan izaten diren sexu erasoekin lotuta, lelo horren inguruan gizartea batu ondoren, arinkeria delako beste edozertarako erabiltzea.

«Emakumeek ez zuten parte hartu gerran», esan zioten BERRIAko kazetariari neska gazte batzuek atzo. «Etxean geratzen ziren», gaineratu zioten gaua kalean pasatu eta gero, alarderako lekua hartzen. Duela ez hainbestera arte, jaietan ere etxean geratzen ziren emakumeak, ordu txikietan batik bat.Zorionez, atzo, haiek ez zuten gauez etxean egon behar izan. Zorionez, atzo, Jaizkibel konpainia hogeigarrenez atera zen kalera. Batzuk zein besteak modu seguruan atera ahal izatea falta da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.