Zein urruti dagoen justizia, autodefentsa hain beharrezkoa denean. Justizia feminista eskatuz, kalera atera ziren atzo milaka lagun, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Posible al da, baina, justizia feminista, feminista izatetik urruti dagoen gizarte batean? Atzokoa zuriketa morea egiteko eguna izan zen askorentzat, Martxoaren 8a bezala. Kalera atera ziren erakunde publikoetako ordezkariak, kalera alderdi politikoetakoak, kalera mugimendu sozialetakoak, kalera gizonezko batzuk eta emakumezko asko.
Indarkeria matxista baldin badago, gizarte matxista dagoelako dago. Har dezagun adibide gisa atzo BERRIAk atera zuen testigantza. Taldeko eraso bat salatu du biktimak, batetik. Gainera, salaketa egitera polizia etxera joan zenetik gaur arte auzibide guztian jasandakoak ere kontatu ditu. Haiek aldatzeko, justizia erakundeen sistema aldatu beharko da, baina justizia feminista gizarte feminista batean bakarrik izango da posible. Matxismoa dena bustitzen duen zirimiria bada, hura baino indartsuago izango den zaparrada behar da, zaparrada amaigabea; ahal bada, haizea lagun, behetik gora, goitik behera, zeharka eta zirimolan. Guzti-guztian eragingo duena.
Bitartean, defentsari ere eutsi beharko zaio, autodefentsa kolektibo feministari. Imajinazioz eta sendo.
HIZPIDEAK
Justizia eta autodefentsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu