mikel p ansa
HIZPIDEAK

Jokoaren arauak

2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Legeak agintzen duena bete beharrekoa dela, beste hitzik ez dauka Espainiako Gobernuak. Denerako balio dio, baina, azkenaldian, batez ere Kataluniarako erabiltzen ari da. Kontua da, parean, independentziarako bidea urrats legalei jarraituta egin nahi duen mugimendu bat egokitu zaiola. Ondorioa argia da: gerra judiziala. Independentistek bazekiten, noski, Espainiak auzitara eramango zuela prozesuaren urrats bakoitza. Horregatik, independentziarako bide orria diseinatu zutenean, jantzi juridiko egoki bat saiatu ziren prestatzen. Helburua: Espainiako lege koadroa urratu gabe Kataluniako lege koadroa sortzea. Hori izan da JPSren iparrorratza. Galdeketa ezin denez Espainiako lege koadroaren barruan egin, Kataluniako erreferendumaren legeak jasotzen du artikulu bat, esaten duena lege hori izan litezkeen bestelako lege guztien gainetik dagoela, baita Espainiako Konstituzioaren gainetik ere. Artikulu hori izango litzateke, baldinbaitere, Espainiak piztutako gerra juridikoari etorkizunean nazioartean irabazteko gakoa —edo gakoetako bat bederen—. Gerra hau ez baita soilik orainaldikoa. Erreferendumaren legea onartzeko, ordea, parlamentuaren araudia aldatu behar izan dute JPSk eta CUPek, tramitazio azkar batekin onartu ahal izateko. Eta hori da Madrilek orain eten nahi duen bidea, tramitazioa azkartzeko aldaketa hori. Independentistek badituzte bide batzuk, oraindik, erreferendumaren legea onartzeko, baina baita Madrilek ere eteteko. Orain galdera larriena hori da: Kataluniako Parlamentuari erreferendumaren legea eztabaidatzeko legezko bide guztiak itxiz gero, zer egingo dute orain arte bide juridikoari eutsi nahi izan dioten independentziazaleek? Hainbestetan aipatutako deskonexio juridikoa gauzatzeko bermerik ez bada, desobeditzeari ekingo diote? Gerra judizialak ez du etenik izango udan Katalunian. Datorren astelehenetik aurrera jarraituko du, Auzitegi Konstituzionalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.