mikel p ansa
HIZPIDEAK

'Irurac bat'

2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez zaio sinbolismorik faltatu EAJren eta PSEren akordioa izenpetzeko ekitaldiari. Egurrezko mahai luze bat, ez orain norberak muntatzeko erosten dituen horietakoa, baizik eta garai batean zurginek pieza bakarretik eskuz lantzen zituzten haietakoa, zer eta Simon Bolivar Askatzailearen familiarena bide zen jauregitik ekarria 1982an. Aretoan, kazetari samalda, eta protagonistak, marra beltz batean lerrokatuak, mahaiaren aurrean. Atzean, Jesus Mari Lazkanoren koadro bat, Euskadi izena duena, zenbait mendi esanguratsurekin.

Askatzailearen mahaiaren eta Euskadi koadroaren artean izenpetu dute ituna.

Baina sinbolismo handiena, beharbada, hiru protagonisten argazkietako batek du: Mendia, Ortuzar eta Urkullu, eskuak elkartuta, Irurac bat estilora. Mahaia, koadroa eta aretoa ongi pentsatuta aukeratuko zituzten, bistan denez, baina argazki horretan eskuek sortu duten sinboloa ustekabean azaleratu da, eta seguru asko inor gutxi gogoratuko zen XVIII. mendean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak asmatu zuen Irurac bat lelo haren irudi bera egin dutela Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak. XIX. mende hasieran, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek beren arteko koordinaziorako erabili zuten gunearentzat hartu zuten lelo hori. Foruzaletasun liberalaren tradizio baten bandera izan zen lelo hura, XIX. mendean Madrilek foruak hankaperatu zituen arte.

Auskalo premonizio bat ote den edo ez, baina Jaurlaritza berriak estatutua berritzen eta falta dituen eskumenak eskuratzen jarri du lehentasuna; foruzaletasun liberal hark gaurko egunean egingo lukeenetik ez oso aparte, alegia; eta Madrili dena hankaperatzeko ohitura hura ez zaio galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.