jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Irteerarik gabeko tunela

2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Larrialdi irteerarik gabeko tunel beltza. Krisiaren irudia izan daiteke, Espainiako Gobernuek —aurrekoek eta oraingoak— larrialdi irteerarik gabe utzi baitituzte herritar asko eta asko. Baina larrialdi irteerarik gabeko tunelarena ez da hitz joko hutsa: Espainiako Gobernuak larrialdi irteerarik gabeko tunelak eraiki ditu Gasteiz eta Bilbo arteko abiadura handiko trenaren zatian. Aitzakia merkeak eskaini ditu Trenbide Azpiegituren Kudeatzaileak (Adif) gabezia zuritzeko: tunelen obrak eskaini zituenean araudiak ez zuela gomendatzen tunelen arteko gutxieneko distantziarik. Araudi berriak, 2007ko abendukoak, bai, irteera bat mila metroko. Espainiako Gobernuak, baina, obrak eskaintzerako bazekien araudia aldatzear zela. Obrak hasi zirenerako araudia aldatuta zegoen. Jaurlaritzak, esaterako, larrialdi irteerekin egin ditu bere tunelak, zatiak eskaini zituenean indarrean zegoena araudi zaharra bazen ere.

Aitzakia merkeak Espainiako Gobernuarenak eta Adifenak, dirua aurrezteko. Katalunian ere egin zuten. Legearen irakurketa mugatua, herritarren segurtasuna kolokan jartzeko. Eta ez da ingeniaria izan behar balizko istripu baten ondorioak aurreikusteko: jendea harrapatuta, tunela keak hartuta eta larrialdi zerbitzuak lan egin ezinik. Udalatxeko tunelean, esaterako: 3.191 metro eta larrialdi irteerarik ez, hiru beharko liratekeen arren. Istripuak gertatu zain daude, nonbait. Simulakroak alferrik izango dira orduan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.