Hemen eta orain, hasia da Iraultza txikien asanblada», kantatzen zuen Berri Txarrak taldeak. Atzo eremu urriko hizkuntzetan eta hizkuntza gutxituetan lan egiten duten hedabideen Midas elkarteak Donostian egindako batzarrak ez zeukan asanblada hitzarekin identifikatzen dugunaren itxura handirik, baina ezin uka daiteke haietako bakoitzaren sorrera bera eta iraupena iraultza txiki —edo handi— bat dela. Hizkuntza gutxitu baten ikuspegitik ez baita erraza aurre egitea hizkuntza hegemoniko baten nagusitasunak eragiten duen asimilazio linguistiko eta kulturalari, eta egunero errotatibatik irtetea egunero iraultza txiki bat egitea da egunkari batentzat.
Saretuta indar handiagoa dute txikiek, eta horretan saiatzen dira Midasen bidez Europako hamabi herrialdetan barreiatutako 27 egunkariak. «Gertatzen denari begirada propioz begiratuko dion kazetaritza bat» aldarrikatu zuen atzo Amagoia Mujika Tolaretxipik, BERRIAko zuzendari izango denak. Horixe egiten baitute eremu urriko hizkuntzan edo hizkuntza gutxituetan aritzen diren egunkariek: hizkuntza propioan ez ezik, herri baten eta kultura baten ikuspegitik begirada propio bat osatu. Garrantzitsua da ekarpen hori hizkuntza batentzat, komunitate batentzat, eta garrantzi handia du lan horri merezi duen aitortza emateak ere.
HIZPIDEAK
Iraultza txikien asanblada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu