Eskubidearen kontzeptuarekin, eta haren defentsarekin, arazoak sortu ohi dira. Zer diren eskubide, zer ez. Baina batik bat, zein eskubide gailentzen zaion zeini. Esate baterako, festa giroan umorez atondutako txosna baten apainketak zenbaiten sinesmen erlijiosoak mindu dituela-eta, poliziak eskubidea al du hori kentzeko? Zilegi al da iraindua ez sentitzeko eskubidea gailentzea adierazpen askatasunari? Bilboko epaile baten ustez, bai. Izan ere, Ertzaintzari agindu zion kentzeko Hontzak konpartsaren txosnatik Kristo gurutziltzatuta eta haren gorputz zatiak haragi zatiak balira bezala seinalizatuta agertzen ziren dekorazioa. Erabaki horren kontra egin zen atzo Bilbon manifestazioa.
Gotzaingoak jarri zuen salaketa baten harira jazo da guztia. Irudi horiek «biraozko» edukiak zituztelakoan jarri zuen salaketa. Eta hau bai dela zaila: biraoa zer den eta zer ez ebaztea. Hala ere, indarra hartzen ari da iraindua ez sentitzeko eskubidea gisa defini daitekeen eskubidea. Artean edo festa giroan, umorez egiten diren ekinaldiekin lotuta hartu du indarra balizko eskubide horren defentsak. Eta gurean, ia beti berberak izan ohi dira salatzaile: Eliza eta Madril.
Iraindua ez sentitzeko eskubidea existituko balitz, ordea, epaileek egin beharko luketen galdera ez al litzateke beste bat? Hots, adierazpen askatasuna nabarmen mugatuz ez ote duten iraintzen gizartea bere osoan.
HIZPIDEAK
Iraindu, nor nork?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu