Erregistratu dituzte jada Hego Euskal Herrian azaroaren 30erako greba deialdiak. Orain, inurri lanean jarraitzea da mugimendu feministaren egitekoa. Hilabete eta erdian herriz herri eta lantokiz lantoki egin beharko da lan, greba feminista orokorrak arrakasta izan dezan. Ez da erraza halako greba baterako girotze lana egitea, baina mugimendu feministak badu jada 2018ko eta 2019ko grebetan landatutako hazia eta pilatutako indarra bere alde; alde ditu, halaber, osasun eta zaintza krisiak lau urteotan agerian utzi dituen gabeziak.
Sistema heteropatriarkalak irauteko behar duen zaintza sistema da greba honek auzitan jarri nahi duena. Zaintzea denon betebeharra da eta zainduak izatea, berriz, denon eskubidea; baina hori ezin da emakumeen bizkar utzi, hori ezin da soilik familien erantzukizuna izan, ez eta emakume migratu eta arrazializatuen eskubideak zanpatuz egin ere; zaintza sistema publiko sendo bat behar da, eta premia bizikoa da zaintzak negozio izateari uztea. Eskaera horiek jasotzen ditu, besteak beste, grebarako egin duten herri akordioak. Zaila da gizarte bidezkoago batean sinisten duen inork horri ezetz esatea.
Gizonak borrokara batzea behar du orain mugimendu feministak, eta hortik kanpo hotz egiten duela sentiaraztea izango da gakoetako bat datozen asteetan. Inurri lana, beraz, elefanteari kili-kili egiteko.
HIZPIDEAK
Inurri lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu