Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren —edo inbestidura ezaren— astea izango da hau. Gaur hasiko dute alderdien eztabaida Espainiako Kongresuan, eta lehen bozketa bihar izango den arren, alderdien jarrera eta argudioak aurretik ezagutuko dira. Oraingoz, Kongresuan ordezkaritza duten alderdiek esandakoei erreparatuz gero, Feijook ez dauka gehiengo osoa edo gehiengo sinplea eskuratzeko aukerarik. Baina PPren deiak egunotan beste norabide batean doaz. PSOEko diputatuengana ari dira zuzentzen mezua; Pedro Sanchezek alderdi subiranistekin egin ditzakeen akordioen mamua astinduz, ordezkari sozialistaren batek botoa aldatuko duen esperantzan. Diotenez, ez dira ari transfugismoa sustatzen, Espainiaren batasuna defenditzen dutenen kontzientziari ari zaizkie deia egiten. Ikusi beharko da ea badagoen alderdiaren boto diziplina haustera ausartzen den inor.
Hori ez da jakiterik izango, biharko lehen bozketan eta ostiralean, bigarrenean, gertatzen dena ikusi arte. Baina, bitartean, Sanchezek, PSOEk eta Sumarrek beste inbestidura saio bat eta negoziazioak dituzte buruan eta esku artean.
Ari dira sukalde lanean, argi dago, eta «gaur-biharretan» Kongresuan entzungo diren diskurtsoek emango dute pistaren bat, hurrengo hilabeteetan zer etorriko den. Feijoorena aukera galdu bat izango dela dirudi; Sanchezena aukera galdua ez izatea, hor egongo da datozen asteetako gakoa.
HIZPIDEAK
Inbestidura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu