Argirik gabe utzi ditu Guy Poulou Ziburuko auzapezak Kaskarotenea ikastolako haurrak. Neguaren atarian, egoera beldurgarri batean geratu da haurrez beteriko sehaska. Ikastolen proiektuaren aurka daraman borrokan, argia kentzeak, esanahi sinbolikoa ez ezik, min handia egiteko borondatea adierazten du. Euskararen ezinikusia nagusi den agintarien artean, abangoardia izatea deliberatu du Poulouk. Ez da kasualitatea haren jokaera, eta babesle asko ditu, agintari eta jujeen artean.
Seaska, euskararen murgiltze sistemaren erreferente ez ezik, itxaropen izpi bat da euskara hilzorian den Ipar Euskal Herriko eremuan. Ia itxaropen bakarra. Hazkunde etengabean da, gainera. Aurten bertan, iaz baino 137 haur gehiago ditu aterpetuta bere ikastola, kolegio eta lizeoetan: 3.220 ikasle.
Haurrentzako euskarazko murgiltze eredua hautatzen duten gurasoak gutxiengo bat badira ere, kopuru esanguratsu bat osatzen dute jadanik (%7 inguru), eta aspaldian ezinezkoa izango zen marra bat ez da oztopo bat. Esan nahi baita, egun ikastoletara jotzen duten guztiak ez dira guraso abertzaleak, politikoki aski konprometitu eta konbentzituak. Seaska liskar eta arazoekin lotzea guraso horiek uxatzeko modu bat izan daiteke. Eta, segur aski, hori da Poulou eta gainerako agintari jakobinoen estrategia. Izan ere, gutxiengo bat baitira bidea trabaz beteta eta ilunpean egitera ausartuko liratekeenak. Argia haiei kendu nahi diete, euskararen geroa, hein handi batean, haien esku dagoelako.
HIZPIDEAK
Ilunpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu