Hizpideak
Ikasturte hasiera nahasia
Ikasturte hasiera nahasia izan dute eskoletan. Milioi erdi haur inguru geletara itzuli dira dagoeneko, eta hainbat tokitan irakaslerik ez dute aurkitu. Harrigarria, baina egia. Murrizketak heldu dira irakaskuntzaren arlora ere, eta ikastetxeek iaz baino irakasle gutxiagorekin aurre egin beharko diote ikasleen kopuruak izan duen gorakadari. Nafarroan ez dago zalantzarik murrizketak egon badirela —sindikatuak eta gobernua ez datoz bat murriztutako irakasle kopuruan, baina 112tik 250era bitartean izan daitezke—, Ipar Euskal Herrian ere pairatzen ari dira Parisko Gobernuak ezarritako planaren ondorioak, baina Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du bere jokaera haienarekin pareka daitekeela. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren hitzetan, ikasle hazkundeari «zailtasunik gabe» erantzuteko moduan daude irakasleak. Kontua da gelako ikasle kopuruaren muga etengabe gainditzen ari dela, eskoletako zuzendariek diotenez, eta horrek haurren hezkuntzaren kalitatean eragiten du. Eta hezkuntza, krisi garaian ere, babestu beharreko altxorra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu