Seaskako ikasleek badakite zer den ikastolan irakasle gutxirekin moldatu behar izatea. Seaskako ikasleek hezkuntza prozesu osoan ikasten dute zer den Frantziako administrazioak baztertuak izatea. Seaskako ikasleek atzo berriro ikasi dute zer den euren eskubideen eta euskararen alde kalera ateratzea. Baina Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroarentzat arriskuan dagoena frantsesa da.
Frantziako Gobernuak jomugan du euskarazko hezkuntza, eta ezbaian jarri nahi du haren legezkotasuna. Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle, guraso, arduradun eta irakasleek, ordea, bat egin dute berriro Parisi irakasle gehiago eskatzeko. Urtetik urtera gero eta gehiago dira ikasleak, baina ikasturte hau hogei lanposturen defizitarekin hasi zuten —Seaskak, EEPk eta irakasleek eurek berdindu zituzten—, eta hurrengorako eskatutako 30etatik bost baizik ez dizkiete hitzeman. Matematikan hasiberria denak ere ulertzen du hori kenketa bat dela. Datorren ikasturtean 4.000 izango dira Seaskako ikasleak Arbona-Ahetzeko ikastola berriarekin, eta, Macron bera Miarritzen bertan maiatzean gehiago laguntzearen alde agertu zen arren, Gobernuak kendu egin nahi du eta atzera egin.
Asko dute ikasteko oraindik Seaskako ikasleek. Horretarako doaz ikastolara, ikastera; euskaraz. Baina eurengandik zer ikasi asko dagoela ere erakutsi dute: tinkotasun lezioa eman dute, auzitan jarri nahi dituen gobernu baten aurrean.
HIZPIDEAK
Ikasleen lezioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu