Azken hamarkada luzean, Libiabi gobernutan banatuta dagoenez gero, klase aberats bat loratu da, estatu funtzionarioez, negozio gizonez eta milizianoen buruzagiez osatutakoa. Aberastasunak pilatu dituzte legez kanpoko jarduerez; dirutza egin dute droga eta migratzaileen trafikoaren bidez edota Europara doazenak atxilotu eta bertan esplotatuz, eta gobernabidea baldintzatu dute. Libian agintea eskuratzen ari den ordena berria huts egindako estatu baten gainean eraikitzen ari da, eta, ondorioz, ezinezkoa da herritarrentzat zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko dituen estatu egitura bat eratzea.
Nazioarteko planek ere zerikusia izan dute ordena berri horretan, hortxe aritu baitira zein aldetan jarri interesa, zein pieza mugitu komeni denean, eta horregatik ere huts egin dute gobernuen behin-behineko batasun bat sortu eta hauteskundeak bideratzeko saiakerek.
Daniel zikloiak Libiako kostaldea txikitu du, baina hondamendi horrek nahierara egin du bidea Derna hiriko bi urtegien egoera kaxkarraren ondorioz, azpiegiturak eta bizi baldintzak ez direlako jauntxoon kezka, ezta nazioartearena ere. Hainbat ikerketak eta herritarrek ohartarazi izan dute sarraskia gerta zitekeela, eta okerrena gertatu da.
HIZPIDEAK
Hondamendia estatu hondoratuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu