HIZPIDEAK

Hondakin nuklearrak

Oihana Elduaien Uranga.
@oihanaelduaien
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Garoña itxi zuten, eta eraitsiko dute. Euskal Herritik kilometro gutxira dagoen zentrala hustuko dute, eta eraikina bota. Neurri zorrotzak hartuko dituzte. «Langileen segurtasuna eta ingurumenaren zaintza» dituzte lehentasun.

2012ko abenduan itxi zuten, eta 11 urte geroago eman zuen Espainiako Gobernuak hura eraisteko baimena. Lanak hasita daude, baina makal joango dira; ondo bidean, 2033an amaituko dituzte. Eraikina desegingo dute, baina hondakin erradioaktiboa ez. Lekua «leheneratu» egingo dute, hondakinak handik aterata. Atera egingo dituzte, ez desegin. Ateratzea da lanik arriskutsuena eta luzeena; zentralean dauden eta uranioa duten 2.453 elementu erradioaktibo handik ateratzea. Zentraletik atera ostean, handik metro gutxira prestatu duten behin-behineko biltegi batean gordeko dute hondakin hori guztia, harik eta «sakoneko biltegi geologikoa» egiten duten arte; aurreikuspenen arabera, 2073ra arte. Lur azpian, sakon-sakonera zuloa egin, hura prestatu, hondakinak han sartu, eta estali. Ezkutatu. Baina han egongo dira. Eta erradioaktiboak izaten jarraituko dute.

Iaz izendatu zuten energia nuklearra iturri berde, hark arriskuak dituela eta hondakinentzat aterabide egokirik ez dagoela jakinda ere. Energia behar baitu gizakiak, kosta ahala kosta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.