mikel p ansa
HIZPIDEAK

Herraren hiztegia

2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Epaiketa bera, salaketa berak, eta herri akusazio berak eskari diferenteak. Nekez uler liteke Dignidad y Justicia taldeak Hasier Arraizen aurka hartu duen jarrera. «Gure hildakoak traizionatzea litzateke akordioa onartzea», esan du taldeko ordezkariak. Gerrako hizkera, nekez justifika daitekeena, gainera, urtarrilean akordioa onartu zutelako, eta beste 35 pertsona kalean daudelako akusazio horiekin. Gerrako hizkera (gure hildakoak, traizioa...), guztiz anakroniko gelditzen ari dena, baina gerrako ebazpen bat ekartzea nahi lukeena: mendekua hitza deklinatzea bakarrik faltatu izan zitzaion atzo Dignidad y Justiciari.

Beharbada, talde horrek neurtu egin du egoera. Badaki urtarrileko aurrekariarekin eta epaiketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eginda oso litekeena dela epaileak urtarrileko akordio hura bera ontzat jotzea, Arraizi bi urtez azpiko zigorra jartzea, eta kalean gelditzea. Apustua galdutzat eman, eta «duintasunari» eutsi nahi izan dio, beharbada, Dignidad y Justicia taldeak. Inork «traizioa» leporatu aurretik.

Are okerrago. Bakegintzak eta adiskidetzeak eskatzen du bestelako hiztegi bat, enpatia, pedagogia... eta halako hitzez betea. Dignidad y Justicia taldearen diskurtsoak erakusten du badirela talde batzuk, oraindik, herraren hiztegian itxirik daudenak, norbere buruari soilik begira ari direnak, eta adiskidetzeko asmo handirik ez dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.