jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Heriotzari beldurra

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jaioak heriotza zor», dio esaera zaharrak. Esaera gaurkotuz gero, gizarteak heriotza duina zor duela esan behar luke. Duintasun horren barruan sartzen da medikuen, gaixoaren eta haren senideen arteko harremana: informazio eta komunikazio zuzena, konfiantza... Duintasunaren barruan sartzen dira zaintza aringarriak, gaixoak eta senideek tratamenduari uko egin ahal izatea, suizidio lagundua, bizi testamentua... Baita eutanasia ere. Zergatik ez? Heriotzak beldurra eragiten du. Heriotzaren ingurukoak arautzeak ere bai. Heriotzak tabua izaten jarraitzen duelako neurri handi batean, baina baita politikariek Eliza katolikoari onartzen eta eskaintzen dioten botereagatik ere.

Herritarrek, gizarteak, aurrez aurre izango dituzte berriro ere heriotzari buruzko mamuak, asteazkenean: Nicolas Bonnemaison medikuaren kontrako epaiketa hasiko da Pauen, ustez zazpi gaixori eutanasia aplikatzeagatik. Bere kabuz egin zuen, inori jakinarazi gabe, ez senideei, ez lankideei. Hildakoen senideek, baina, ez dute salaketarik jarri.

Eztabaidak ertz asko ditu, bai, baina noizbait heldu behar zaie. Adituen iritziak aintzat hartuta, bai. Baina batez ere herritarrek zer nahi duten kontuan hartuta. Eta erabakitzeko eskubideaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ona litzateke herritarrek noiz eta nola hil nahi duten ere aintzat hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.