Haurdun bazaude, hemorroideak izateko arriskua duzu. Eta erditzen zarenean, pasabide horretan eta inguruetan markak geratu ohi dira. Ez beti, baina bai askotan. Eta horretaz hitz egiten da, ez leku guztietan, baina bai batzuetan. Laguna deitzen diote batzuek, maizterra besteek, eta auskalo nola haragokoek. Amatasunarekin batera agertu zen hainbaten bizitzan hemorroide hitza. Testuinguru jakin batean, eta lagunarte jakin batean, gehienetan —erditzeak dakartzan beste hainbat ondoriorekin batera—. Biztanleen erdiek izango dituzte bizitzan noizbait hemorroideak, baina gehienek ez dute horretaz hitz egingo.
Hilekoarekin antzera gertatzen da. Orain, gainera, Floridan hitza debekatzekotan dira: 12-13 urte egin arte, gaztetxoei hileko hitza ez esatea, eta haiek horri buruz ez hitz egitea agindu nahi duen lege proposamen bat dago bidean. Zatarra denari, zatartzat jotzen denari edo zatarra dela sinetsi dugunari buruz, hitz erdirik ez. Eta izenik ez duena ez da. Edo? Bai, bai, hortxe da. Hemen gero eta gehiago hitz egiten da hilekoari buruz, eta gero eta hobeto. Baina oraindik asko dago egiteko, eta tabu asko apurtzeko, haurdunaldiaren ondorioez, hilekoaren gorabeherez, abortuez, mamografiez, hemorroideez, menopausiaz...
HIZPIDEAK
Hemorroideak eta esan ezinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu