Euskararen egoeran aro aldaketa bat gertatzen ari dela ematen du, edo gertatu dela jada. Frankismoaren ondorengo hamarkadetan itsasoan barrena lur berrien bila zihoan ontzia ekaitz batek harrapatu balu bezala, bidean dezente aitzinatu ondoren. Hizkuntza politika murriztaileen, epaileen oldarraldien, komunikaziorako euskarri berrien hedapenaren eta ezinegona sortzen duten hainbat datu soziolinguistikoren olatuen artean zabuka gelditu da ontzia.
Hiztuna da azken buruan barkua lur berrira eraman behar duen pilotua, hura gabe ez dago ez ontzirik, ez bidaiatzeko motiborik, baina hiztunak eragile anitzen dependentzia du makina mugiarazteko. Euskara asimilazio eta gibelatze prozesutik herri mugimenduak atera zuen, eta erabakigarria izan zen euskaldunentzako espazio publikoak irabazteko, eta erdaldunak euskalduntzeko. Egiazko motorra. Baina motorrak helize bat behar du abiadura hartu nahi badu, eta helizea gizartea baldintzatzen duten erabakiak hartzen diren eremuetan dago: instituzio publikoetan.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ehun udalerriren langa gainditu du. «Politika ausartak eta euskara nagusituko den eremua indartzea» beharrezkoak direla adierazi du Iraitz Lazkano lehendakariak. Helizeak indar handiagoz egin behar du bira, ontzia ekaitzetik aterako bada.
HIZPIDEAK
Helizearen beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu