Hiru hamarkadako bidea egin du UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hemeretzi udal txiki ziren 1991n, sortu zutenean. Milaka biztanle gutxi batzuk besterik ez ziren. Bide luzea egin duUEMAk: 101 udal ditu kide orain, eta 305.000 herritar bizi dira horietan; euskaldunak horietatik gehienak.
Udalen funtzionamendua euskalduntzea zuen sorrerako helburu nagusietako bat. Hor ere egiteko asko dagoen arren, UEMAren kezka nagusiak beste bide batzuetatik doaz orain. Euskaldunen dentsitatea handiena den herri horietako batzuetan atzeraka hasi da euskara. Martin Aramendi UEMAko lehendakari berriak azaldu du kontzientzia ere galtzen ari dela. Arnasguneen osasuna dago jokoan, eta euskara berez eta esfortzurik gabe ikasi eta erabil litekeen leku bakan horiek galduko badira, hizkuntzak ez luke etorkizun errazik izango. Eta euskara ez da osatuko ez Bruselan, ez Madrilen —irabaz litezkeen esparru guztiak garrantzitsuak izan arren—.
«Arnasguneetan, euskara hegemonikoa da, eta hizkuntza bat biziko bada, gizartean hegemoniko izatea behar du», esan du Aramendik. Eta hortxe dago gakoa: euskara hegemonikoa izango den esparruak defendatzea da iraupenerako gakoetako bat, eta, horregatik, berebiziko garrantzia du UEMAk. Euskararen bizi indarra horietatik bultzatuko baita, bultzatzekotan.
HIZPIDEAK
Hegemonia zatiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu