Hizpideak
Hautagaiaren memoria
Hainbeste ardura hartu izanaren poderioz, badirudi Alfredo Perez Rubalcabari ahaztu egin zaiola azken bost urteotan nondik atera duen soldata. Agian ministro izatetik hautagai izatera egindako jauzian —oraindik Espainiako Gobernuko kide da— zaborrontzi birtuala behar baino lehenago ezabatzea erabaki du. Ulertu bai, baina nekez justifika daiteke atzo PSOEren Batzorde Federalaren aurrean bere hautagaitzari hasiera emateko egindako hitzaldia. Finantza munduaren beharrak betetzera makurtu den gobernu bateko kidea bankuei eta kutxei kontuak eskatzen —hori bai, geroxeago, berregituraketa amaitzen dutenean, diru publikoarekin kasu batzuetan—. Edo etxegintzaren ingurukoburbuila puzten utzi zuen exekutibo bateko kidea esaten hirigintza planak estatuak kontrolatu behar dituela; edo aireportuak eta loteriak salduko dituena pribatizazioen arriskuez ohartarazten; edo lau probintziatatik diputatu izan dena hauteskunde sistemaren aldaketaz hitz egiten. Eskerrak ez zuen Euskal Herria aipatu ere egin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu