Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna omen biharkoa, azaroaren 20a. Haurren Eskubideen Nazioarteko Ituna sinatu zen eguna seinalatzeko izendatu zen modu horretara. Baina okertu ziren. Singularrean jarri zioten izena, pluralean behar zuenean. Ez baitago haurtzaro bat, haurtzaroak daude, haurra bera bizi den tokiak eta garaiak baldintzatutakoak. Eskubideak ere paperean guztientzat berdinak izan arren, guztientzat berdin gauzatzen ez diren moduan.
Ez dute haurtzaro bera izango Frantzian jaio eta frantsesez ikasteko eskola eraikinak non-nahi dituen haurrak, edota Beskoitzen (Lapurdi) bizi eta klaseak euskaraz jasotzearren ikasturtea eraikin prefabrikatu batean igaro behar dituenak, nahiz eta bi-biek izan eskolatuak izateko eskubidea. Hori salatzeko elkartu ziren atzo 2.500 lagun Ipar Euskal Herrian. Hamar urte dira Beskoitzeko ikastola sortu zela, guraso baten etxean lehenik, eta lur publikoan ezarritako prefabrikatuetan ondoren. Baina hor gerarazi dizkiete urratsak euren seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoei. Izan ere, herriko etxeak ukatu egin die ikastolarentzako eraikin bat egiteko baimena. Hala, neguan hotz eta udan bero diren prefabrikatuetara mugatu nahi dituzte 52 ikasleak, nahiz eta haiek ere besteek adina eskubide izan baldintza duinetan ikasteko. Beti izango da, noski, okerrago dagoenik, baina horrek ez luke aitzakia izan behar gaizki daudenen egoera ez hobetzeko.