mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Gorrotoa

2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Euskal herritar anitzek eremu arrotz gisa dauzkate auzitegiak; are, baita erasokor gisa ere. Madrildik zenbat eta hurbilago auzitegia, orduan eta arrotzago eta erasokorrago. Ipar poloko hartz bat hegoaldeko latitudeetan senti litekeen bezala: norbaitek bortxaz eramana arruntean deserosoa duen toki batera, eta gaizki bukatzeko aukera anitzekin. Izan ere, Euskal Herrian, zenbait kolektibok eta norbanakok auzitara joan behar izaten dute agenda politiko jakin bat duten taldeek salatu dituztelako auzi nazionalarekin zerikusia duen edozerengatik: «terrorismoari gorazarre» egitearen delituarekin lotu nahi diren ekintzetatik hasi eta hizkuntza kontuetaraino.

Asturias aldean, ordea, alderdi txiki batek lobby horien armak erabiltzea erabaki du, nahiz eta jakin partida etxetik kanpo jokatuko duela: Andecha Asturrek Gijongo Voxeko zinegotzi bat salatu du fiskaltzan, gorroto delitua egotzita. Zinegotziak jakinarazi zuen herriko bestetarako ez duela asturieraz kantatzen duen musikaririk kontratatuko.

Zail da sinisten Espainiako justiziak asturiazaleei arrazoi emanen diela, baina Andecha Asturrek Asturiasko agenda politikoan indartsu sartu du eztabaida: hizkuntza minorizatuetako hiztunei berdintasuna ukatzea gorrotoa praktikatzea da. Nafarroa Garaian euskaldunei hamaikagarren espazioa ukatu berritan —Musikariak Ikastetxeetan programa etenda—, arretaz begiratzeko ekinaldia da Asturiasen egin dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.