Ez da erraza, garaiotan, duela ez horrenbeste denbora aurkari izandakoen kontra hitz egitea, eraikitzeko garaia da eta. Baina txarrean ona goraipatuta ere, gogoratzeko beharra ez da galdu behar, zer esanik ez gertatutakoa gezurra dela esan, eta trikimailuak erabili badira atzean uzteko. Horregatik, atzo, gutxienez harridura eragiteko moduko esaldiak nabarmendu zituzten hainbat komunikabidek politikarien esanen bilduma egitean, hau tartean: «Ideologia guztietako ordezkariek goratu dute Rodolfo Ares sozialistak askatasunaren eta elkarbizitzaren alde egindako lana».
Izan ere, elkarbizitzatik urrun dago gatazka ukatu beharrez hura areagotzen saiatu dena, gizartearen parte baten eta bestelako eredu batzuen kontra oldartuz, izan politikoak, izan sozialak.
Jaurlaritzako Barne sailburu zenean utzitako arrastoa ez da berehalakoan desagertuko. Azaldu zuen, batetik, «gezurra» zela 2010ean Ertzaintzak Ondarroan atxilotutako bederatzi lagun torturatu izana, eta, bestetik, haien abokatuak ere «lotsagabeki gezurra esan» zuela. Torturak aztertu beharrean, abokatua bera zigortu zuten kalumniengatik. Iñigo Cabacasen hilketak ere mesede gutxi egin zion elkarbizitzari. «Betebeharra bete» zuen orduan Aresek. Ideologia guztietako ordezkariek gogoan izan beharrekoak horiek ere.
HIZPIDEAK
«Gezurrak» gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu