Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Hizpideak

Gerrak eta zibilak

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Egiptoko armada zibilak akabatzen ari da. Hildakoak islamistak zirela esanda zuritu nahi dira hilketok. Tiroka jazarritako manifestariak negar gasaren ondorioz hil direla diote uniformedunek; ospitaleetako langileek lurruntzen ez diren bala zuloak zenbatu dituzte, ordea. Hori bai: indarkeria erabiltzeari uko egiteko eskatu diete militarrek Mursiren aldekoei. Zigorgabetasun osoak halako lotsagabekeriari egin ohi dio bidea.

Anaia Musulmanen aurkako estatu kolpea diruz, armaz eta diplomaziaz bedeinkatu duten nazioarteko eragileek, berriz, manifestariak ministroen eta jeneralen pare jarri dituzte, erantzukizuna partitzeko garaian. Kezkatuta ei dago mundua gerra zibilaren mamuarekin, zibil andanaren aurkako gerra desitxuratu eta ezkutatu bitartean. Halako politikekin, argi dago, islamistak ez dira berehalakoan desagertuko; klandestinitate urte luzeak pasatu izan dituzte lehenago ere.

Egipton larrialdi egoera ezarriko ote duten zabaldu da orain. Egoera larria da oso hasieratik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.